Eraikin interesgarriak
Eraikin interesgarriak
San Martin eliza
Ondareari dagokionez, Errezil oso aberatsa da. Bere paisaiaren edertasuna dela eta, haran hau Gipuzkoako postal ezagunetarikoa da (Iturburuko inguruetatik hartuta): baserri eta zelai akotatuak, gorago basoak eta larreak eta, ondoren, Ernioko gailur lerdenak, kare-harrizko harkaiztegi malkartsuak agertzen dituztenak. Errezilgo paisaia benetan ikusgarria da.
Ondare higiezina ere interes handikoa da. Eraikin erlijiosoak oso deigarriak dira, biderik garrantzitsuenen ondoan antolatutako ermiten kopuruagatik batez ere. San Migel Goikoaren ermita baliteke Erdi Arokoa izatea, aztarnak kontuan hartzen baditugu (arku zorrotzeko atea eta leiho konopiala). Hirigune aldera eginez, San Jose santutxoa dago eta, bertan, Zallurroako San Martingo parrokia-eliza, XVI. mendean aurreko tenplu batean egindako erreformaren ondoriozkoa. Garai hartan eraiki zioten, besteak beste, daukan dorre lerdena. XVIII. mendean, tenplua absidearen aldetik zabaldu eta portada egin zen (1713an).
Haranean behera, hilerriaren ondoan, XIX. mendeko Santo Kristoren ermita dago, San Antonio ermitarekin harrizko gurutzez egindako gurutze-bide baten bidez lotua. Hirigunearen eragin-eremutik irten eta haraneko zonarik lauenera hurbilduta, San Migel Bekoa ikus dezakegu. Landa-ermita polit honetan harlanduzko lana eta Errena-zimentuko erretaula bat azpimarratu behar dira. Zona lau honek San Migel ermita du goiko aldean eta oso antzekoa den San Esteban ermita beheko aldean. Oso deigarria da Doneztebe baserria, honen deitura San Esteban izenaren euskarazko forma arkaikoa baita.
Errezilen beste bi ermita gehiago daude: San Isidro Erdoiztakoarena, Gipuzkoan dauden bi ermita zirkularretako bat eta Pedro J. Ugartemendiak proiektatutako eraikin neoklasiko bikaina, eta San Joan Iturriozkoarena, Asteasu eta Aiako mugan baina Errezilgo lurretan dagoena.
Jarduera ekonomiko bati lotutako beste eraikuntza-mota bat eraikin hidraulikoak dira, lanerako uraren indarra aprobetxatzen zuten errotak eta burdinolak hain zuzen ere. Zentzuzkoa denez, haranaren beheko eremuan kokatuta daude, urak nahikoa ur daraman lekuan. Goitik hasita, lehena Lizarretaerrota da, bere garaian egiten zuen lanaren arrasto gutxi gordetzen dituena. Hurrengoa, Landarrainerrota izenekoa, interesgarriagoa da, makineria gorde baitu. Haranaren eskuinaldeko Utsetaerrotak berriz, erortzeko dauden horma gutxi batzuk besterik ez ditu. Zutik dirauen Zurrunzolabekoa izenekoa, izenak berak adierazten duen bezala, errota izan aurretik burdinola izan zen. Errezil errekatik uretan behera eginez agertzen den azken baserriak Artaunola du izena eta, toponimiari jarraiki, energia hidraulikoarekin zerikusia zuela esan daiteke.
Galarraga Goena-lehioak
Gainerako eraikin gehienek landa-arkitektura tradizionalari lotuta daude eta batzuk fabrikagatik edo dituzten elementu bereziengatik dira azpimarragarriak. Hirigunean Etxeberri, Apaizetxea, Kantoia -1794koa-, Borondegi eta Etxeandia dira aipagarrienak. Azken bi hauek armarri bana dute fatxadan, harrizkoa eta zurezkoa hurrenez hurren. Udalerriaren gainerako zatian, dauden ia 400 baserrien artean ondokoak azpimarratu behar dira: Armendi bere adreiluzko egituragatik, Errekondo eta Agerrebekoa -armarriduna- antzinako oinetxeak, Telleria, Torreberri, Loidigoikoa, Loidiazpikoa, Iraolaberri, Urteagazarra, Aranzadizabal, Pildain, Otume, Iturriaga, Ibarbiabarrena, Galarragagoena -Erdi Aroko arku zorrotza duena-, Galarragabitarte, Iturrieta, Barrensoro, Etxeberritxo, Etumeta -bi arkuko karrerapea duen antzinako benta-, Antxiturbi eta Zubitxo.