Kokapena
Kokapena
Errezil, Gipuzkoako balkoia
Ernio mendiaren magalean, sagarrondoz eta baselizaz betetako landa-giroko harana da Errezil, "Gipuzkoako balkoia".
Ekialdetik mendebaldera doan harana sorrarazi du Errezil ibaiak. Eskualde osoko erreferentzia puntu nagusia den Ernio mendian hasten da, eta Azpeitiraino luzatzen da. Errezil eta Bidegoian herriak hartzen dituen harana aukera paregabea da Gipuzkoako landa-giroko paisaia tipikoak ezagutzeko: zelai berdeak, muino leunak, baseliza zaharrak, basetxe sakabanatuak eta baserri edo auzo txikiak.
Ernio mendirako bidean, ezinbestekoa da garai batean Errezilgo Ospitale Probintziala izandakoan gelditzea. "Gipuzkoako balkoia" esaten diote toki horri, lurraldearen zati zabal bat menderatzen baita bertatik.
Ernio eta Gazume mendiek osatzen duten mendigunea artzaintza-gune garrantzitsua izan da betidanik. Inguru horietan barrena igarotzen ziren transhumantzian barrualdeko mendietatik kostaldera zihoazen artaldeak. Ernio mendiaren hegalean, berriz, edozein urtarotan egun-pasarako egokiak diren Zelatungo zelaiak aurkituko ditugu. Are egokiagoak dira iraileko igandeetan, erromeria jendetsu eta animatuak egiten baitira bertan. Mendirako bidean burdinazko gurutze ugari daude, Ernio mendi sakratutzat duten antzinako sinesmenen lekuko.
Paisaia natural ederren kontura ez ezik, Errezil Sagarren kontura ere bada ezaguna Errezil. Sagardoa egiteko estimatuenetakoak dira. Aukera izatekotan, dasta itzazue.