Fecha actualización:
  • Azken eguneratzea: 2010/07/29
Seleccione su idioma:
inprimatu bidali Aa Aa
Errezil

?

Historia 

Historia

Errezil 32,2 km2-ko udalerria da, Ernioko mazizoaren magalean kokatua. Zestoa, Aia, Asteasu, Larraul, Bidegoian, Albiztur, Beizama eta Azpeitia ditu mugakide. Gainera, enklabe txiki bat du hegoaldean, Santa Marina auzoan.

Biztanle-aztarnarik zaharrenak goi-paleolitokoak dira (duela 12.000 urtekoak). Garai hartakoak dira Aitzorrotz eta Aintzuloko haitzuloetan aurkitutako hondakinak. Monumentu megalitikoak, hala nola Sagaraingo bi trikuharriak eta Munaraingo bi tumuluak (maparen ipar-ekialdean), modernoagoak dira, duela 4.000 urtekoak, hain zuzen ere.

Lehen berri historikoak hurbilagokoak dira, noski, baina oso antzinakoak hala eta guztiz ere. 1027. urtean, Nafarroako Antso III.a Gartzes Nagusia erregeak Errezil aipatu zuen Iru�eko Gotzain-hiriaren mugapeari buruzko dokumentuan. Aurrerago, 1397an, Gipuzkoako Ermandadeko Ordenantzetan Aia, Goiaz, Bidania, Errezil eta Beizamak osatzen zuten Saiazko Alkatetza Nagusia aipatzen zen.

Alkatetza Nagusian Alkate Nagusiak agintzen zuen, eta erregeak zuzenean izendatzen zuenez, eta normalean gortean bizi zenez, horrek biztanleen atsekabea sortzen zuen. 1563an egoera horren berri Zestoan egindako Batzar Nagusietara eraman zuten eta, bertan, leku bakoitzari bere alkatea izendatzeko ahalmena eman ziezaion eskatu zitzaion erregeari. Erregeak baiezkoa eman zuen eta, ondorioz, Errezil udalerri independente bihurtu zen, ez ordea Udal gisa, Unibertsitate gisa baizik. Desagertutako Saiazko Alkatetza Nagusia Saiazko Batasuna bihurtu zen. Administrazio-erakunde hau arestian aipatutako kontzejuek osatzen zuten eta Batzar Nagusien eta Batzar Partikularren aurrean ordezkaritza eta gastuak bere gain hartzen zituen. 1651ean Albiztur elkartu zen.

Alkatetza komun honen herentzia bat, udalerri hauek Argisaingo Santa Marinan dituzten enklabeak dira. Auzune honek parrokia eta hilerria ditu, eta gaur egun bertan oso jende gutxi bizi bada ere, mendeetan kostaldearen eta barnealdearen eta Urola eta Oria ibaien haranen arteko transhumantzia eta merkataritzako ibilbiderik garrantzitsuenetakoak elkartzen zituen landagune txiki bat zen, beste asko bezalaxe. Mugen inguruan behin eta berriz gertatutako auzi eta liskarren ondorioz -Bidaniarekin bereziki-, 1792an Juan Bautista Arruti ordezkari izendatu zuten arazoa behin behingoz konpontzeko.

Errezilgo demografia bi kontzeptu nagusitan labur daiteke. Alde batetik, demografiak XX. mendean izan zuen bilakaera kontuan hartuta, lehen 60 urteetan biztanle-kopurua egonkorra izan zela (1.500 ingurukoa) ikus dezakegu. 60 eta 70eko hamarkadetan berriz (azken honetan batez ere), izugarrizko beherakada izan zen eta biztanle-kopurua ia erdira jaitsi zen.

Handik aurrera eta gaur egun arte, beherakada txikia baina jarraitua izan da. Galera demografikoaren fenomeno honi lotuta dagoen bigarren kontzeptuari dagokionez, adinaren araberako egiturak populazio zahartua erakusten du, eskualdearen gainerako zatian eta Gipuzkoa osoan baino zahartuagoa eta beste landa-herri batzuen antzekoa. Ondorioak garbiak dira: baserri asko utzita, aurri-egoeran edota jabe berriek aldi baterako egoitza bihurtuta eta zalantzazko etorkizuna adin handiko biztanle bat edo bi dituzten beste ustialeku askorentzat.

Populatzeari dagokionez, udal-mugartearen erdian dagoen hirigune txiki bat agertzen da elizaren inguruan. Gaur egun ardatz nagusia errepideak eratzen badu ere, dagoen hiri-egitura txikia automobilentzako egungo bidea baino beheragoko antzinako errege-bideari egokituta dago. Gainerako eraikin gehienak haran nagusiaren hondoan kokatuta daude. Dena dela, urrunagoko eremu batzuetan badaude baserri batzuk eta, kasu batzuetan, auzune txikiak osatzen dituzte, hala nola bi baserri, ermita bat eta eskola batzuk dituen Erdoizta izenekoa, aurrekotik hurbil eta ia jenderik gabe dagoen Bedama izenekoa, Bentaberriko bidegurutzean sortutako etxe-multzoa eta abar. Administratiboki, hirigune nagusiaz eta arestian aipatutako Santa Marinako enklabeaz gain, Arzallus (ipar-mendebaldean), Erdoizta (iparraldean), Letea (ekialdean), Ezama (hego-ekialdean) eta Ibarbia (hego-mendebaldean) bereiz daitezke.

Goi Paleolitikoan izan ziren toki honetan lehen biztanleak. Garai hartan egiten zuen hotza zela eta, ehiztari-tribuek kobazuloak erabili zituzten bizitzeko. Horietako bat dugu Aitzorrotz II (18-10). Metal Aroan berriz erabili zuten, panteoi gisa, artzaintzan aritzen ziren talde transhumanteek, Aintzuloko kobazuloaren antzera (17-74).

Herri guneak hainbat eraikin interesgarri du. San Martingo parrokia-eliza, XIII. mendekoa, aldatu egin zuten XVI. mendean. Horrez gain, harlanduzko iturria ikus daiteke kalean, eta beste hainbat udalerrian sakabanatuta.

Erdoizta

Erdoizta

Ernioko mendigunea

Landagune hau zeharo erakargarria da, Ernio mendiaren magalean kokatzen baita. Bideari jarraituz, Bidania Goialderantz, gaur egun berritze-prozesuan dagoen Errezilgo Ostatua ikus daiteke. Enklabe honi "Gipuzkoako balkoi" esaten zaio, handik ikus daitekeen paisaiaren sakontasuna eta bere kokapena dela eta, Gipuzkoaren erdi-erdian baitago. Paisaiaren edertasunaz gozatzeaz gain, hemendik bertatik has daiteke Ernio mendira igotzen (1072 m).

Ernioko mendigunea Gipuzkoako erdigune kontsideratzen da; azpimarragarriak dira Ernio (1072 m) eta Gazumeko (1013 m) gailurrak. Artzain ugari ibili da bertan, milaka urtetan transhumanteek mendietatik kostaldera joateko erabilitako bidea izan baita. Horrez gain, nahitaezko pasabidea zen Irun, Hondarribia eta Donostiatik Azpeitia eta Urolako haranera zeraman galtzadan. Landa-bidea hartuz, Errezilgo Ostatura iritsi baino lehen, Ernio mendi magalean, egun atseginaz gozatzeko aukera paregabea eskaintzen digute Zelatungo zelaiek. Toki honetan izan ziren, dirudienez, euskaldun eta erromatarren arteko borrokak. Zelatunen hasten da Ernioko gailurrera igoera, non erlijio-ohituraren adibide diren burdinazko gurutze ugari ikus daitezkeen.


Festa patronalak

Udalerriko festa patronalak San Martin egunean ospatzen dira (Azaroak 11). Horrez gain, San Antonioko festak (Ekainak 143) eta Domingo Erkiziarenak (Irailak 28) aipa daitezke. Guztietan egiten dira euskal herri-kirolak, esaterako, harri-jasotzea, aizkolaritza edo idi-dema; azken hau Iraileko festetan besterik ez da egiten.


| ERREZILGO UDALA Telefonoa: 943 812989 | © Errezilgo Udala. IFK P2007100-G